Bilboko portua lehiakorrago bihurtzeko ahaleginari jarraikiz, haren zerbitzu-eremuko lur- eta ur-azalerak baloratzeko proposamen berri bat prestatu du Portuko Agintaritzak, han diharduten erabiltzaileen tasak murriztearren.
Onartzen denean, merkeagoa izango da portu-eremuko lur- eta ur-azalera, eta kostu txikiagoak izango dituzte han diharduten 200 enpresetatik (gutxi gorabehera) gehien-gehienek; Bilboko Portuko Agintaritzari, berriz, urtean 1.500.000 eurotik gorako diru-galera eragingo diote, hau da, okupazio-tasa beragatik % 7 gutxiago kobratuko du.
Portuko araudiaren irizpideak hartu dira aintzat lur- eta ur-azaleraren balorazio-proposamen hori egiteko. Antzeko erabilera eta baldintzak dituzten inguruko udalerrietako azaleren gaineko merkatu-irizpideei jarraikiz, zenbait zuzentze-koefiziente ezarriko zaizkie portuko zerbitzu-eremuko alor funtzional guztiei, bai lurrekoei, bai uretakoei.
Estatuko Portuen eta Itsas Merkataritzaren Legearen testu bateratuaren arabera egin ondoren dagozkion izapide guztiak, 2018ko ekitaldian sartuko dira indarrean portuko tasen aplikazio-balio berriak.
Bi aldiz merkatu dira tasak lau urteotan
2014ko ekitaldian % 8 inguru jaitsi ziren okupazioari aplikatzen zaizkion tasak, eta bi milioi eurotik gorako diru-galera eragin zion jaitsiera hark Bilboko Portuko Agintaritzari.
Honenbestez, lur- eta ur-azaleren balorazio berria egiten denean, lau urteko epean egiten zaien bigarren jaitsiera handia izango dute portuko tasek. Kalte egiten diote tasa-murrizketa horiek Portuko Agintaritzaren emaitza-kontuari (3,6 milioitik gorako galera urtean), baina oso eragin positiboa dute haren eremuan diharduten enpresei, areagotu egiten baitu haien lehiakortasuna, eta gure herriaren ekonomiari laguntzen.