Portuen eta Kostaldeen Elkarte Teknikoak (Espainiako portuen erakunde publikoa) eta Bilboko Portuko agintaritzak elkarte teknikoaren V. Kongresu Nazionala antolatu dute, “Portu eta kostaldeetako XXI. mendeko erronkak. Eraginkortasuna eta klima-aldaketa” lemapean. Azaroaren 12tik 14ra bitartean egingo da, Bilboko Euskalduna jauregian.
Kongresuan, alderdi hauek landuko dira, besteak beste: lehendik dauden azpiegituren bizitza erabilgarria luzatzea; klima-aldaketa eta hark azpiegituretan eta kostaldean duen eragina;
jasangarritasun-eredu berriak —gehienak, Uraren Esparru Direktibara egokitu beharraren ondorio—; irisgarritasuna eta intermodalitatea, portuko azpiegiturei balio erantsia emateko baliabide onenak direla jota; energia-eraginkortasuna; eta irtenbide tekniko zaileko unean uneko beharrak asetzen dituzten obra bereziak.
Nabigazio Kongresuen Nazioarteko Elkarte Iraunkorraren (PIANC) Espainiako filial bat da Portuen eta Kostaldeen Elkarte Teknikoa, eta, alde horretatik, erreferente estatala izan nahi du itsas ingeniaritzaren berrikuntzan eta garapen teknologikoan eta itsasoaren erabilera arrazoizko eta jasangarrian, oso baliabide baliotsua baita kostaldea kontserbatzeko, eta ezinbesteko baliabidea, itsasoko garraioa garatzeko. Testuinguru honetan, bazkideentzat eta sektore osoarentzat interesgarriak izan daitezkeen gaien dibulgazio-jardunaldi teknikoak sustatzen ditu aldian-aldian; nabarmentzekoak dira, besteak beste, bi urteko kongresu nazionalen antolaketa eta PIANCek sustatzen dituen nazioarteko foroetan parte hartzea.