Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak orain dela gutxi berritu dute lankidetza-hitzarmena, eta horri esker foru suhiltzaileek portuko instalazioetan gertatzen diren larrialdiei erantzuna ematen jarraituko dute portuko esku-hartze talde bezala.
Bilboko Portuko Agintaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste lau urterako luzatu dute lankidetza-hitzarmena; horren arabera, Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu foru Zerbitzuak portuko instalazioetan sortutako larrialdiei erantzuna ematen jarraituko dute, itsasontzietakoak barne.
Hitzarmenean 1,2 milioi euro daude jasota. Zenbateko hori Foru Aldundira transferituko da urtero lau kuota ordaindu arte, eta hala, kuotak aurreko hitzarmenekoak baino kopuru handiagoak dituzte, hain zuzen ere 240.000 eta 300.000 euro inguru gehiago izango baitu kuota bakoitzak.
Bizkaiko suhiltzaileek Bilboko Portuko esku-hartze taldea eratzen dute, eta portuko eremuan sortzen diren sute eta istripuetako esku-hartzeak gauzatuko dituzte; hala, arriskuen prebentzio-, alarma-, ebakuazio- eta sorospen-ekintzetako babes-funtzioak beraien esku geratuko dira, baita suteak itzaltzea, erreskateak, salbamendua eta oinarrizko zerbitzuak birgaitzea ere.
Horrez gain, Bilboko Portuko Agintaritzarekin elkarlanean arituko dira istripuak aztertzen eta analizatzen eta suteen kontrako instalazioetan egingo diren obra berri edo eraberritzeen proiektuak gauzatzen, eta batera egingo dituzte entrenamendu eta simulakroetako maniobrak. Era berean, eta indarrean dagoen legeriak ezartzen duen bezala, 3 suhiltzaile gidarik osatuko duten laguntza-taldea egongo da eta talde horrek beharrezko baliabide teknikoak izango ditu salgai arriskutsuen karga eta deskarga lanak egiteko.
Bere aldetik, Bilboko Portuko Agintaritzak Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileei portuan gertatu daitezkeen istripuetan esku hartzeko ekipamendu tekniko eta prestakuntza teknikoa eskaintzeko konpromisoa hartu du, portuaren ezaugarri bereziak kontuan hartuz.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko zortzi suhiltzaile-etxeetako hiru Bilboko Portuko zerbitzu-eremu inguruan daude, hauek: Artazakoa (Leioa), Basaurikoa eta Uriostekoa (Ortuella). Hurbiltasunaz
gain azkartasuna eta sarbide-aukera anitza kontuan hartuz gero —batez ere, Uriosteko suhiltzaile-etxeari dagokionez—, portuko instalazioetan sortzen diren larrialdiei erantzun ezin hobea eman daiteke.
Lankidetza-hitzarmen honi esker Bilboko Portua lehen postuan dago Estatuko portu-sisteman salgai arriskutsuek sortu ditzaketen istripu posibleei erantzuna emateari dagokionez.
21 urte lankidetzan
Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Portuko Agintaritza arlo honetan elkarrekin lanean ari dira 1996tik, eta gauzatu dituzten hainbat lankidetza-hitzarmeni esker Bilboko Portuko Agintaritzak eskumena duen alorreko segurtasuna hobetu egin da. Lankidetza honi esker lortu diren emaitza ezin hobeak egiaztatuta geratu direnez, erakunde biek hitzarmen berri hau sinatu dute, lau urte iraungo dituena hain zuzen ere.
Aurreko bi hitzarmenei esker Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak larrialdi kimikoetara egokitutako edukiontzia lortu zuen, hauez gain: garabidun kamioi bat, larrialdi-sorgailu bat, saiako ponpak eta atmosfera leherkorretan jardun dezakeen orga jasotzailea; larrialdi kimikoetan esku-hartzeko hornituta dagoen hiriko ponpa arina; luzeran 2 km-ko distantzia duen ur mugikorreko lerrodun edukiontzia; edukiontzian salgai arriskutsuen jarioak jasotzeko Rolltrailer bat; esku hartzeko 440 jantzi (jantzien diseinua eta prestazioak sortzeko foru suhiltzaileen iritziak kontuan hartu ziren); azken belaunaldiko hiriko ponpa astuna eta entrenamenduetarako errealitate birtualeko simulatzaile bat.