Bilboko Portuko Agintaritzak Fruit Logistican (25. hall-a, A61 standa) aurkeztuko ditu, aurten ere, Bilboko Portuak eta bere enpresek fruta eta barazkientzat eskaintzen dituzten zerbitzu logistikoak eta azpiegiturak.
2024an, nekazaritza-, abeltzaintza- eta elikadura-sektoreko 3 milioi tona merkantzia inguru garraiatu ziren Bilboko Portuan, eta, horietatik, 107.000 tona inguru frutazkoak ziren. Kokapen estrategikoa du; konektibitate bikaina Erresuma Batuko, Irlandako, Frantziako, Alemaniako eta Europako iparraldeko merkatuekin; eta Mercabilbaorekin kolaboratzen du, Iberiar Penintsulako iparraldeko eta Frantziako hegoaldeko elikagai galkorren banaketa-zentro handienarekin.
Funtsezko beste faktore lehiakor batzuk bezala, portu lehorren sare zabala du, eta mugako kontrol-postu bat, 15 sarbiderekin. Gainera, baliabide tekniko aurreratuenak ditu hotz industriala sortzeko, baita isolamendu termikoa eta erraz garbitzeko akaberak, erresistenteak eta iraunkorrak, ere, une oro fruten eta barazkien logistikarako baldintza optimoei eusteko diseinatuak. Bere plataforma telematikoak, e-puertobilbao izenekoak, aduanetako agenteen, dagokion Ikuskaritza Zerbitzuko ikuskatzaileen, Babes Fiskalaren edo garraiolarien arteko koordinazio operatiboa bermatzen du.
Jasangarritasunari dagokionez, Portuko Agintaritza urrats garrantzitsuak ematen ari da Espainiako barazki- eta fruta-sektoreko enpresei ematen zaien zerbitzua hobetzeko; besteak beste, kaien elektrifikazioa, funts propioekin finantzatua eta Europako Batzordearen 14,2 milioiko dirulaguntza duena CEF Transport 2021-2027 laguntza-programaren barruan.