Bilboko Portuko Agintaritzak prozedura publikoaren deialdia egin du Bilboko Olabarri Jauregiko partzela eta eraikuntza-multzoa enkante bidez besterentzeko. Hasierako prezioa 10.470.798,82 euro izango da, zergak kanpo. Eskaintzak gutun-azal itxi bidez aurkezteko epea apirilaren 28an amaituko da.
Higiezinarekin irabazten duen eskaintzak egokitu egin beharko du geroko edozein eraikuntza esku-hartze, birgaikuntza, eraberritze eta egokitze, eraikin berezi honek behar duen ondare eta arkitektura babes mailara. Horrez gain, higiezinaren barruan egiten diren esku-hartze eta jarduketa guztiek gorde beharko dituzte balio historiko edo ondare bereziko elementuak.
Portuko Agintaritzaren egoitza historikoa 2.000 metro karratuko lursail batean dago, gutxi gorabehera, eta 4.200 metro koadroko azalera inguru eraikia du. Elkarri itsatsita dauden bi eraikuntza-gorputzek osatzen dute: Campo Volantín 37 zenbakiko jauregitxoa eta itsatsitako Uriortu 35 zenbakiko eraikin funtzionala. Gaur egun, Portuko Agintaritzak hondar-erabilera du eraikuntza-konplexu horretan. Izan ere, langile guztiak Kanpoko Abran (Santurtzi inguruan) dauden bulego berrietara aldatu ziren duela urte batzuk, han biltzen baita Bilboko Portuaren jarduera gehiena.
126 urteko historia
1894an, Julián de Zubizarreta arkitektoak José María de Olabarri y Massino eta Manuela Zubiria eta Ybarra senar-emazteen egoitza proiektatu zuen,
Campo Volantín pasealekuko puntu enblematiko batean. “Hotel” -XIX. mendearen azken herenean eraikitako etxeetan maiz erabili zen frantsesezko terminoa- horren lanak 1897ko apirilean amaitu ziren, eta hara etxez aldatu zen Olabarri familia. Gaur egun, Campo Volantín pasealekuan dauden bizitegi-eraikin bakanetako bat da.
Gerra zibilaren ondoren, Britainia Handiko Institutua eraikinean finkatu zen, harik eta 1952an Portuko Agintaritzak (garai hartan Portuko Obren Batzordeak) erosi zuen arte, eta urte haietako Bilboko bi arkitekto ospetsuenen eskutik, Manuel Galíndezen eta haren iloba José María Chapa Galíndezen eskutik, handitu zen.