Santurtziko Udalak eta Bilboko Portuko Agintaritzak hitzarmen bat sinatu dute: haren bidez, portuak udalari utziko dio onlineko trebakuntzarako plataforma, eta, udalak udalerri horretako langabetuei utziko die, itsas eta portu-arloetako gai espezifikoei lotutako trebakuntza-ikastaroak egin ditzaten. Portua udalerriari zabaltzeko proiektuaren barruan sinatu dute hitzarmen hori. Proiektu hori Parte Hartzeko Foroan sartzen da, zeina Santurtziko Enplegu Planaren barruan baitago —Europako eta autonomia-erkidegoetako programei atxikia—. Hasiera batean, udalerrian bizi diren berrogeita hamar langabetu arituko dira, eta, bigarren fasean, beste berrogeita hamar.
Proiektu aitzindaria da; aukera emango du portu-arloan trebatutako pertsonen lan-poltsa bat izateko, eta lan-poltsa hori portu-komunitateko enpresentzat eskuragarri egongo da.
Autotrebakuntza-prozesua campus birtual batean gaituko da, eta trebakuntza-prozesuaren tutoretza, jarraipena eta ebaluazioa egingo dira. Horren kostua —48.000 euro— Portuko Agintaritzak berak ordainduko du.
Ekimen horrekin bat egiteko, Santurtziko langabetuek ezaugarri hauek bete behar dituzte: Lanbiden izena emanda egon; gutxienez Batxilergoa, goi-mailako heziketa-ziklo bat edo
baliokideren bat egina izan; First mailako ingeles-maila ziurtatua izan, eta erlazionatutako lanbideekiko interesa erakutsi. Kontuan hartuko da beste hizkuntza batzuk jakitea ere.
Trebakuntza-ibilbideko modulu eta maila hauek emango dira —batez beste, 200 orduko iraupena izango dute moduluek—: Industria Segurtasuna, Portu Sektorea eta Estrategia, Portu Eragiketak eta Zerbitzuak, Merkantzien Kudeaketa eta Logistika eta Intermodalitatea.