Bilboko Portuko itsas bidaietarako ontzien terminalean 150 profesional eta aditu baino gehiago elkartu dira hazten ari den sektorea sustatu nahi duen foro batean; 2017an, 61 itsas bidaia egin ziren.
Bilboko portua penintsulako iparraldera iristen diren itsas bidaietarako ontzien atrakaleku garrantzitsuenetako bat da eta, denboraldi honetan, Getxoko itsas bidaietarako ontzien terminalak 2017ko jarduera-erritmoari eustea espero du. Izan ere, iaz, 61 ontzi iritsi ziren, eta 83.600 bidaiari ekarri zituzten. Bidaiari asko lehorreratu ziren Getxoko, Bilboko eta Bizkaiko eta Euskadiko beste udalerri batzuetako eskaintza turistikoaz, gastronomikoaz eta merkataritzakoaz gozatzeko.
Itsas bidaien sektorea hazten ari da urtez urte mundu osoan, eta haren inpaktu globala 110.000 milioi eurokoa da, eta milioi bat enplegu ematen ditu. Merkatu interesgarria da Bizkaiarentzat, erronka eta aukera garrantzitsuak sortzen ari dena tokiko jarduera turistikorako. Horrez gainera, nitxo berri bat da, ikertzeko eta jarduerak eta produktuak lantzeko. 2017tik, Bilbo-Bizkaiak lantalde espezifiko bat du (Bilbao Bizkaia Action Group) ekintzak diseinatzeko gurutzaldien estrategia baten inguruan; erakundeek, enpresa espezializatuek eta sektoreko eragile garrantzitsuek (agentziak, garraioaren agintaritzak, ostalaritza, merkataritza…) parte hartzen dute estrategia horretan. Lantalde horrek helburu zehatzak ditu ardatz, bidaien geldialdiak luzatzeko eta bidaiariak erakartzeko.
Hain zuzen ere, gai horietaz hitz egiten ari dira Olatuan Bilbao Bizkaia Cruise Talks foroan. Topaketa Bizkaiko turismoaren arloko profesionalentzat da eta helburuetako bat da industria turistikoaren sektore honen hazkunde iraunkorra eta jarraitua sustatzea. Olatuan Bilbao Bizkaia Cruise Talks foroak 150 profesional eta destinoen eta erakunde publikoen kudeatzaile elkartu ditu estatuko eta nazioarteko sektoreko aditu ospetsuekin, hitzaldi eta mahai-inguruetan gai hauek lantzeko: cruise friendly helmugak, itsas bidaien funtzionamendua, nola prestatzen den bidaiarientzako eskaintza.
Olatuan Bilbao Bizkaia Cruise Talks zabalkunderako eta profesionalak elkartzeko foro bat da, Bilbon
eta Bizkaian gurutzaldien sektorearen bikaintasuna sustatzeko sortu dena. Halakoak antolatzea sustatzen duten erakundeen apustu irmoa da ere: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Portuko Agintaritza, Bilboko Udala eta Getxoko Udala. Horrez gainera, laguntzaile dira Deustuko Unibertsitatea, NIS, Bilbao Paso a Paso eta Getxoko Kirol Portua.
Topaketaren edukia sare sozialen bidez zabaltzen ari da, #OLATUAN18 traolarekin. Egitaraua web orri honetan dago: www.olatuan.eus.