Urtarriletik ekainera, 15,5 milioi tona porturatu dira Bilboko Portuko instalazioetan, iazko denboraldi berean baino % 3,22 gehiago. Batez ere ontziratu gabeko likidoen gorakadak (+% 8) eta ontziratu gabeko solidoen gorakadak (+% 3) eragin du hazkundea.
Manipulatutako kontainerren kopurua, nazioartean TEUtan neurtua, 303.169 izan da, iazko lehen seihilekoko kopuruaren antzekoa.
Europa Atlantikoa da, orain ere, trafikoen jatorri eta helmuga nagusia. Dena dela, pixkanaka, txikitzen ari da ozeanoan zeharreko merkatuekiko aldea; asko egin dute gora Ipar Amerika atlantikoak (+% 6) eta, batez ere, Afrika atlantikoak (+% 133).
Lehen seihilekoan, 14,8 milioi euroko inbertsio-zifra izan da. Guztira, 2015ean, Portuko Agintaritzak 47 milioi inbertituko ditu.
Portuko Agintaritzak berak gauzatutako proiektuen artean, hauek nabarmentzen dira lehen seihilekoan: etorkizunean portuko
kaian barruti konfinatuak ixteko harri-lubetetarako materiala hornitzea eta jartzea, barruko tren-sarbide berriak eraikitzeko proiektuak, Pancorboko Tren Terminal Logistikoko tren-konexioa eta zerbitzubideak, eta Punta Sollana dikea luzatzea. Azken obra horrek EBren kofinantziazioa du, “Bilboko Portuaren ingurumen-errendimenduaren hobekuntza eta eragiketa eraginkorrak” proiektuaren barruan.