% 4,12 hazi da trafiko orokorra, eta % 4,34 edukiontzietakoa
Bilboko Portuak 30,8 milioi tonako merkantzia-mugimenduarekin itxi du 2014a (tokiko trafikoa eta zuzkidura kontatu gabe); hau da, % 4ko hazkundea izan da aurreko ekitaldiarekin alderaturik (1,2 milioi tona gehiago).
Ontzi-mota guztiek portaera positiboa izan dute, eta inoizko emaitzarik onenak izan dira edukiontzietako salgaien trafikoan. Edukiontzi-kopurua % 4 hazi da: lehen aldiz, 630.888 TEUra iritsi da. Bestalde, edukiontziz sartzen edo ateratzen den merkantzia-kopurua 6,6 milioi tona izatera iritsi da (% 4 gehiago). Bestalde, edukiontzi hoztaileak % 6,5 ugaritu dira.
Nabarmentzekoa da, orobat, pieza handien trafikoa ere hazi dela (proiektuak). 2014an, pisuagatik, luzeragatik, zabaleragatik edo garaieragatik garraiatzeko pieza berezitzat katalogatuta dauden 4.684 pieza ontziratu ziren; hots, 2013an baino % 36 gehiago.
Portuko instalazioetara trenez sartzen den edo handik trenez ateratzen den trafikoa ere hazi da: % 18.
MERKATUAK
Bilboko Portuaren bidez egiten diren esportazioek erritmo onean hazten jarraitzen dute (% 10 gehiago); inportazioak, berriz, pixka bat handitu dira (% 1 gehiago).
Trafikoen % 45ek Europa atlantikoa dute jatorri edo helmuga (% 3 hazi da); jarraian, Ameriketako kontinenteko Atlantikoko kostaldea dago, Ipar Amerika bereziki. Erdialdeko Amerika eta Asia pazifikoa dira hazkunde handieneko eremuak.
Herrialdeen arabera, nabarmentzekoa da Britainia Handiarekiko trafikoa; gainera, bera da gehien hazi dena, eta sendotu egin du Bilbok Britainia Handiko merkatuarekin Iberiar penintsulan duen lidergoa.
FINANTZIAZIOA ETA INBERTSIOAK
Negozio-bolumena 62,5 milioi da, eta sortutako baliabideak, 33,1 milioi.
Portuko Agintaritzak 47,8 milioi inbertitu ditu 2014an, eta, 2015ean, 64,1 milioi erabiliko ditu obretarako. BPAk 2014an burututako proiektuen artean, nabarmentzekoak dira gurutzaontzientzako hirugarren atrakalekuaren eraikuntza eta Pancorboko Tren Terminal Logistikoko tren-konexioa eta zerbitzubideak (Burgos). 2015ean, terminal hori urbanizatzeko lehen faseari ekingo dio.
Aldi berean, aurten, lan hauek egiten jarraituko du: Punta Sollanako dikea luzatzeko obrak, etorkizuneko portuko kai berriko harri-lubetetarako materiala hornitzea eta jartzea, eta barruko tren-sarbide berrietarako obrak.