Bilboko Portuko Agintaritzak eta Arabako Merkataritza Ganberak Transmodal 2015 EAEko VII. Logistika Intermodaleko Foroa egingo dute apirilaren 16an Gasteizen.
Transmodal erreferentziazko hitzordu bilakatu da EAEko logistikaren sektorean. Aurten, gai hauek landuko dituzte, besteak beste: Arasur plataforma logistikoaren eta Bilboko Portuaren arteko konexio intermodalak, eta merkataritza elektronikoak hornikuntza-katean dituen aukerak.
Arasur
Arasur Arabako plataforma logistikoan (Rivabellosa)
Bilboko Portuaren trenbide-base operatibo bat instalatzeko obrak 2015ean hasiko dira, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Bilboko Portuko Agintaritzaren arteko lankidetza-esparruan. Bilboko Portuko Agintaritzak 68.000 m2-ko lursail bat erosiko du, eta 450 metro luze diren lau bide izango ditu.
Obra hori aukera estrategiko bat da Arasur plataformarentzat. Portuarekiko konexio operazionalaren bidez, indartu egingo da, eta Euskadiko nodo logistiko eta garraio-azpiegitura nagusien interkonexioa sustatuko du. Bestalde, mesede egingo die Bilboko Portuaren interesei, plataforma logistiko estrategiko batean parte hartuko baitu merkantzien transferentzia intermodaleko nodo gisa, eta hori lagungarria izango da portuko trafikoak erakartzeko eta indartzeko. Azken batean, portuko dartsenaren lehiakortasuna bultzatuko du.
Portuko instalazioetara trenez sartzen den edo handik trenez ateratzen den trafikoa % 18 hazi zen 2014an. Merkantzia orokorraren % 15 garraiatzen da trenez, eta edukiontzi-trafikoaren % 19. Eragiketa-kopurua 3.987 da, hau da, 2013an baino 520 gehiago.