Proiektua gauzatzeko, milioi bat euroko inbertsioa egingo da
17.000 metro karratuko itsas plataforma multimodal bat ari dira garatzen Tuterako Nekazaritza Elikagaien Hirian, garraioaren lehiakortasuna Nafarroaren eremutik hobetzeko. Hala, enpresa esportatzaileek garraio-korridore lehiakor bat izango dute Nafarroaren eta Bilboko Portuaren artean. Proiektuak gauzatzeko, milioi bat euroko inbertsioa egingo da.
Tutera, eta Nafarroa oro har, eremu estrategiko eta natural bat dira Bilboko Portuaren garapenerako, portuaren helburuak baitira merkatua hedatzea eta gaur egun errepidez Europako iparraldera esportatzen duten edo garraiobide gisa beste portu batzuk erabiltzen dituzten trafikoak erakartzea.
Plataforma Marítimo Multimodal sozietatea ari da egiten proiektua, zeina Espainia mailan diharduten Bilboko Portuko operadore logistikoek osatzen baitute. Tuterako plataformako obrak abenduan hasi ziren, eta maiatzean egongo da martxan. Hartan, funtsean, lan hauek egingo dira: merkantziak taldekatzeko eta bereizteko eragiketak, kontainerrak biltegiratzea, eta merkantziak jaso eta entregatzea.Haren kokapenak aukera emango du lurreko/itsasoko logistika hobetzeko, optimizatu egingo baitira merkantziaren fluxuak eta haiekin batera doan dokumentazioarena, Bilboko portuan, besteak beste, dagoeneko martxan den merkataritza elektronikoko prozesuei esker.
Nekazaritza Elikagaien Hiria eta Bilboko Portua
Itsas plataforma multimodal berria mugarri bat da Tuterako nodo logistiko berriaren garapenean eta kudeaketan; Tuterak Ebroko korridorean duen eragina aprobetxatuz,
bide ematen du Nafarroako hegoaldeko enpresak konektatzeko eta haien produktuak eta zerbitzuak nazioarteko bideetan jartzeko. 2008an, aurreikusi zen nodo horrek azpiegitura aurreratuenak izango zituela eta aukera emango zuela Erriberako garraio- eta logistika-jarduera publiko eta pribatuak koordinatzeko.
Hala, sendotu egiten dira Tuterako Nekazaritza Elikagaien Hiriak eskaintzen dituen zerbitzuak, horretarako sortu baitzen Hiria: nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresen kostuak eta ahaleginak aurrezteko eta Espainiako eta nazioarteko erreferentziako enpresa-parke bihurtzeko, non azpiegiturak modu jasangarrian partekatuko diren eta berrikuntza- eta trebakuntza-zerbitzuak emango diren.
Alde horretatik, Bilbok, Kantauriko erlaitzeko portu nagusiak eta kontainer-terminal handiena duenak,Europa atlantikoarekiko nahiz Amerikarekiko itsas konexioen eskaintza oso bat jarriko die eskura Nafarroako karga-bidaltzaileei.