Munduko bigarren terminal-operadore handiena, Cosco Shipping Ports Limited, kontainer-terminalen esleipena duen Noatum Ports enpresaren akziodun egin izanak hazteko aukera berriak dakarzkio portuari.
Txinako zortzi hedabide garrantzitsutako hamazazpi kazetari izan ditugu bisitari gaur Bilboko portuan. Han zituzten zain Portuko Agintaritzaren presidentea, Ricardo Barkala, eta Eragiketetako, Arlo Komertzialeko eta Logistikako zuzendaria, Luis Gabiola, zeinek azaldu dizkieten leku horren ezaugarriak eta abantailak: Txinaren eta Europa atlantikoaren arteko topagune izateko ondoen kokatutako portua da.
2017ko amaieran, Cosco Shipping Ports Limited, munduko bigarren terminal-operadore handiena, Bilboko portuko kontainer-terminala kudeatzen duen Noatum Container Terminal Bilbao enpresaren akziodun egin zen, eta hortik dator horrenbeste hedabideren interesa gure portuarekiko. Hori dela eta, bileran izan dira Noatum Portseko Sun Kai, Zuzendari Nagusia; Qin Long, Zuzendariorde Nagusia, eta Elvira Gallego, Bilboko terminaleko Kudeatzaile Nagusia.
Komunikabide hauetako kazetariak izan ditugu bisitari: The Xinhua News Agency; CCTV, China Central Television; CGTN, China Global Television Network; China National Radio; China Radio International; China Daily; China News Service, eta China Transportation Newspaper
Bilboko Portua eta Txina
Bilboko portuaren hamabi merkatu nagusien artean dago Txina, eta bigarrena da, Erresuma Batuaren atzetik, kontainerretako trafikoan. Trafiko horren % 71 era guztietako merkantzien inportazioa da, eta % 29, esportazioa. Bilborekin trafiko handiena duten portuak, berriz, Shanghai, Ningbo eta Tianjinxingang dira.
Europaren Ipar Atlantikoko ibilbidearen sarreran dago Bilbo. Kokapen geografiko bikain horren berri eman diete portuko ordezkariek, eta Asia eta Europaren arteko lotune aparta dela azpimarratu, bai lurreko eragin-eremuarentzat bai eta Europa atlantikoko herrialdeentzat ere. Beste hau ere azpimarratu dute aurkezpenean: Bizkaiko Golkoko portu nagusia da Bilbokoa;
Espainiako Estatuko lehenbizikoa da Europa atlantikoarekiko eta Erresuma Batuarekiko trafikoari dagokionez, eta, gainera, etengabe aldatzen ari den portu bat da eta 3.500 milioi euro baino gehiago inbertitu ditu, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzari esker; gogoratu dute, azkenik, proiektu berriak hartzeko nahikoa azalera duela portuak.
Rikardo Barkala Portuko Agintaritzaren presidenteak adierazi duenez, “jarduera anitzetarako portua da Bilbokoa, merkantzia-mota orotarako terminalak eta trafiko berriak garatzeko ahalmena du, lekua, zerbitzuak, esperientzia eta malgutasuna eskaintzen baititu. Hori dela eta, portu erakargarria da ontzi-konpainientzat, Europako beste portu batzuetan tarteka izaten diren ontzi-pilaketak saihesteko”.
Barkalaren iritziz, “Cosco Shipping Ports Limited Noatum Container Terminalen akziodun egin izanak areagotu egiten ditu terminal honen balioa, ezaugarriak eta inbertsio-programa, eta lehiakorrago bihurtzen. Bestalde, aukera ematen du portuaren hinterland propioak sortzen duen trafikoa sustatzeko eta baliabideak maximizatzeko. Honenbestez, Coscok Atlantikora eraman ditzake jada distantzia laburreko bere ontziak (3.000-4.000 TEUkoak), eta halako trafiko-bolumen batera iristean, ozeanoz haraindiko ontziak ere eraman ditzake, 12.000 TEUkoak eta hortik gorakoak”. Hori guztia ikusirik, Barkalak uste du Bilboko portuari “negozio-aukera berriak” ari zaizkiola sortzen, “bai distantzia laburreko trafikoan, bai luzekoan”.