Bilboko Portuko Agintaritzak Txilera egin duen bisitan, Valparaísoko Portuko eta Bilboko Portuko ordezkariek nazioarteko senidetze-hitzarmen bat sinatu dute.
Hitzarmenak —Valparaísoko Portu Enpresako lehendakari Mikel Uriartek eta Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakari Asier Atutxak sinatua, Jorge Castro Valparaísoko alkatea han zela— bi portuen arteko loturak berresten ditu, eta aukera ematen du hurrengo urteetako arlo komertzial, tekniko eta kulturaleko aliantzak proiektatzeko.
Valparaísok, gainera, nazioartean duen irudia indartu du, Bilboko Portuaz gain, beste portu batzuekin ere senidetuta baitago, besteak beste hiri hauetako portuekin: Osaka, Amsterdam, Geneva, Filadelfia, Shanghai eta Aqaba.
Mikel Uriarte Valparaísoko Portuko lehendakariaren arabera, hitzarmen honek aukera ematen du Bilborekiko nazioarteko trukea sendotzeko, eta Bilbo eredugarritzat jotzen du, hiria eta hango biztanleak kontuan hartzen dituen portu-proiektuaren garapen harmonikoan. “Bilbok 700 urte daramatza
portu-hiri gisa, eta hiriarekin modu ezin hobean konbinatuz eraiki dute portua. Portuko bizitzarekin harmonian dagoen eta etorkizuneko ikuspegia duen hiri bat garatu ahal izan dute, eta esperientzia hori transmititu diezagukete”, azaldu du.
Asier Atutxa Bilboko Portuko Agintaritzako lehendakariarentzat, “senidetze hau oso garrantzitsua da guretzat, bi arrazoi hauek direla eta: batetik, alderdi sentimentalagatik, Txileren eta Euskal Herriaren arteko lotura historikoa dela eta; bestetik, alderdi komertzialagatik; interesa dugu sinergiak sortzen jarraitzeko, Valparaísorekiko eta Txilerekiko portu-zirkulazioa handituz joan dadin. Seguru asko, etorkizunean ere elkarrekin lanean jarraitu ahal izango dugu bi herrialde hauen garapenean, etorkizun handia baitute, urte hauetan guztietan erakutsi duten izaera ekintzaile eta industrial hori dela eta”.
Azkenik, Jorge Castro alkateak hitzarmen honen balioa nabarmendu du, eta gogorarazi du Valparaísoren eta Bilboren arteko lotura etengabea izan dela. Horren erakusgarri, urtero Valparaísoko badian jaurtitzen diren su artifizialak Bilboko Portuan ontziratzen dira. Castroren iritziz, “senidetze honek suspertu egiten gaitu elkarrekin herriaren alde lan egiten jarraitzeko. Zalantzarik gabe, Bilbo adibide oso garrantzitsua da. Portuko eremu onenak kultura eta artea ere garatzeko emateari esker, konpromiso sendoa sortzen da Bilboko Portuaren eta hango komunitatearen artean. Elkarrekin egin nahi dugu bidean aurrera, haien esperientzien berri izateko eta hirian txertatzeko”.