Euskararen dibulgazioagatik eskuratu du ziurtagiria. Langile guztiek hartu dute parte prozesuan
Bilboko Portuko Agintaritzari zilarrezko Bikain saria eman diote, Gasteizko Europa jauregian egindako gala batean. Hizkuntza-kudeaketaren kalitatearen ziurtagiri ofiziala da Bikain, eta elkarrekin ematen dute Euskalitek eta Eusko Jaurlaritzak.
Hizkuntza-ziurtagiri hori borondatezkoa izaten da enpresentzat, eta onartu beharreko lau alderdi hauek aztertzen ditu: hizkuntza-paisaia, kanpo-komunikazioa, barne-komunikazioa eta hizkuntza-politika. Hala, enpresak euskara nola dibulgatzen duen aintzatesten du sari horrek, kontuan izanik bai langileek nola erabiltzen duten, bai bisitari, bezero, hornitzaile eta beste erakunde batzuekin nola erabiltzen duten.
Saria emateko ekitaldian, erakundearen lehendakari Asier Atutxak bereziki azpimarratu du erakundeko langile guztiek egiten duten ahalegina, eta zoriondu egin ditu denak. Izan ere, “langileen inplikazioari esker lortu dugu ziurtagiri hau, eta, bereziki, euskara-batzordeari esker, urteak baitaramatza hori lortzeko ahaleginean, eta Euskaliten taldeak banan-banan ebaluatu zituenei esker”.
Dibulgazio hori pertsona-kopuru handi batengana iristen da: 5.000 lagun inguru dabil lanean Bilboko Portuan edo etortzen da hona bisitan aldian-aldian, haietako asko munduko beste toki batzuetatik. Harrera euskaraz egiten zaie denei, ongietorria emateko eta sarbideetako seinaleen bidez, Euskadirekiko lehen harremana gure hizkuntzan izan dezaten.