Urtarriletik ekainera, 15 milioi tona porturatu dira Bilboko Portuko instalazioetan, iazko denboraldi berean baino % 11 gehiago.
Nabarmentzekoa da ontziratu gabeko likidoak % 22 hazi direla, batez ere petrolio gordinaren, fuel-olioaren eta gasolinaren igoeragatik.
Ontziratu gabeko solidoek eutsi egin diote; edukiontzietako trafikoa, berriz, % 3 jaitsi da, batez ere produktu siderurgikoen jaitsieragatik. TEU-kopurua pixka bat murriztu da (–% 1). Bestalde, merkantzia arrunta % 9 jaitsi da, paperaren eta paper-orearen eta automobilgintzarako osagaien jaitsieragatik. Hala ere, ro-ro merkantzia (ibilgailuen merkantzia) % 2 hazi da.
Merkatuak
Urteko lehen seihilekoan, Bilboko Portuaren bidez egindako esportazioak % 20 hazi dira, eta inportazioak % 7 igo dira.
Kanpoko zirkulazioaren erdiak oraindik ere Europa Atlantikoa du jatorri edo norako, eta % 27 igo da. Ondoren, merkantzia-bolumenari dagokionez, Amerika Ipar-atlantikoa, Amerika Hego-atlantikoa eta Erdialdeko Amerika.
Inbertsioak
Portuko Agintaritzak 40,5 milioi euro inbertituko ditu aurten; haietatik, dagoeneko 13,8 milioi euroren inbertsioak burutu dira. Orain arte, obra nagusiak Algortako dikeari atxikitako gurutzaontzietarako kaian egin dira, hirugarren amarraleku bat eraikitzeko; Axpen (Erandion), sakonera handitzeko eta kaiak sendotzeko; eta AZ-2 eta AZ-3 kaietan, merkataritzagunean zolatze-lanak egiteko.
Urteko lehen sei hiletan, negozio-bolumena 30,5 milioi euro izan da, hau da, % 0,25eko igoera 2012ko aldi berarekiko.
Portuko trenbide-zirkulazioaren igoera
Portuko instalazioetara sartzen den edo handik irteten den kargaren % 8 trenbidez garraiatzen da; edukiontzien trafikoari dagokionez, kopuru hori % 13raino igotzen da. Urtarriletik ekainera bitartean, portuko trenbide-zirkulazioa % 3 hazi da. Gaur egun, jatorria eta helmuga hiri hauetan dituzten asteroko zerbitzuak eskaintzen dituzte operadoreek: Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia.