Bilboko Portuak 11.496 enpleguri eusten laguntzen du; hots, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu totalaren % 1,30i eta Bizkaikoaren % 2,53ri. Halaber, portuko jarduerak urtean 881,96 milioi euro ematen dizkio BPGari; ehunekotan, EAEkoaren % 1,29 eta Bizkaikoaren % 2,55.
Datu horiek Bilboko Portuaren ekarpen sozioekonomikoari buruzko azterlan batetik atera dira; Bilboko Portuko Agintaritzak Deloitte aholkularitza-enpresari eskatuta egin da azterlana, eta lau jarduera hauen eragina aztertu du: merkantzien garraioa, enpresa industrialak, gurutzaontzien trafikoa eta inbertsioak. Bestalde, sei ekarpen-ikuspuntu hauek hartu dira kontuan: kapital ekonomikoa, egitura-kapitala, ingurumen-kapitala, gizarte-kapitala, harreman-kapitala eta ospe-kapitala.
Kapital ekonomikoaren arloan, ondorioztatzen da enpresek 318,5 milioi euro aurrezten dituztela urtean Bilboko Portuari esker, eta EAEk portuaren bidez egindako esportazioak/inportazioak 13.162 milioi eurokoak izan zirela 2015ean.
Egitura-kapitalari dagokionez, nabarmentzekoak dira puntu hauek: Bilboko portuak ez du mugarik itsasontziak jasotzean; Espainiako portuen artean, Bilbokoak ditu metro karratu gehien biltegi itxitan; bezeroek 10ekiko 7,3ko balorazioa ematen diete haren zerbitzuen kalitateari eta esperientzia profesionalari; enpresek izapidetan 78.600 ordu baino gehiago aurreztu dituzte Portuko Agintaritzak e-puertobilbao plataforma martxan jartzeari esker; eta mundu guztiko 859 porturekin konektatuta dago.
Ingurumen-kapitalean, portuko instalazioetan jasotako hondakinen % 46 balorizagarri gisa sailkatu da; enpresen % 80k neurriak hartu ditu kontsumo elektrikoa murrizteko; urteko egunen % 99,5etan, airearen kalitatea ona edo onargarria
da ibaiertzeko udalerrietan; eta 3.150 milioi litro ur ez ziren kutsatu hondakin arriskutsuak jasotzearen ondorioz 2011-2015 aldia
Gizarte-kapitalean, hiru puntu dira nabarmentzekoak: Bizkaiko ikasleen % 5,3k portua ezagutu zuen 2014an, Ezagutu Portua programaren bidez; ibaiertzeko udalerrietako langabetuentzako onlineko trebakuntza-programak % 46ko ratioa du lan-munduan txertatzeari dagokionez; eta portuak, 1993-2016 aldian, azpiegitura sozialetan 830.000 metro karratu garatzen lagundu du.
Bestalde, harremanei dagokienez, 2.800 eragile publiko edo pribatu baino gehiago harremanetan daude portuarekin, eta 60 kide ditu nazioarteko proiektuak garatzeko.
Azkenik, ospe-kapitalean, portuaren bezero diren enpresen gogobetetze-maila globalaren indizea % 75 da, eta herritarren % 80k balorazio ona edo oso ona egiten du.
Azterketa horren ondorio orokor gisa, baieztatzen da Bilboko Portua Bizkaiko eta EAE guztiko ekonomiaren funtsezko motorra dela, lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen duela, eta bultzada ematen diola euskal enpresa-sareari nazioarteko merkatu berrietara zabaltzeko.