Bilboko Portua itsas komunitate baten barruan dago. Hauek dira komunitate horretako eragilerik hurbilenak eta bistakoenak: ontzigintza, Portugaleteko Nautika Eskola, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, itsas ikerketa eta janarien ikerketa, eta kirol-nabigazioa.
Bertan zuzenean lan egiten duten 3.000 langile baino gehiagorekin eta 1.000 milioitik gorako eskabide-zorroarekin, Bilboko Itsasadarreko ontzigintza suspertzen ari da, birmoldaketa luzearen ondoren. Zamakona (Santurtzi) eta Murueta (Erandio) ontziolek enkarguak dituzte datozen urteetarako. Horrek aukera ematen die berrikuntza- eta dibertsifikazio-estrategiak antolatzeko, sektore moderno eta dinamiko bati dagokionez.
Egungo Nautika eta Itsasontzi Makineriako Goi Eskola Teknikoa XVII. mendearen erdi aldera sortu zen;1925ean, Deustura aldatu zuten, eta, handik, Portugaletera, gaur egun dagoen lekura. Itsas Nabigazioko diplomatura eta Nautika, Itsas Garraio eta Itsasontzi Makineriako lizentziatura ematen ditu eskola honek.
Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoa 1996an sortu zen Itsasadarreko, Bilboko Portuko eta Bizkaiko probintziako itsas jarduerak pilatutako
kultura-ondarearen ikerketa, kontserbazioa eta hedapena sustatzeko helburuarekin. 27.000 metro karratu ditu museoak, eta eremu horretan hainbat kai daude, baita Itsasadarraren ingurune fisikoari, Bilboko merkataritzaren eboluzioari eta ontzigintzaren garapenari buruzko erakusketa-aretoa ere.
Bilboko Portuaren xedea da itsas komunitate horren dinamizazioan esku-hartze handia izatea, aukera asko baititu hainbat esparrutan: industria, turismoa, ezagutza, aisia….
Informazio gehiago: