Langileen ongizate fisiko, mental eta soziokulturala babesten eta sustatzen duen lan-eremu bat sortzea proposatzen du Bilboko Portuko Agintaritzak. Horretarako jarri du martxan Portu Osasuntsua, lanean osasuna eta ongizatea sustatzeko proiektua. Zenbait ekintza, programa, kanpaina eta estrategia ari gara bultzatzen programa horri jarraikiz.
Portuko Agintaritzaren helburu estrategikoa bere langileen segurtasuna eta osasuna bermatzea da. Hori dela eta, 2000 urtean, kalitatearen, prebentzioaren eta ingurumenaren kudeaketa-sistema bat ezarri zuen. Jarduerak planifikatu, ikuskatu eta etengabe hobetzeko zenbait ekintza sustatuko ditu sistemak. Gardentasunez eta langileekin, bezeroekin, hornitzaileekin eta bestelako eragile interesdunekin lankidetzan egiten du hori guztia Portuko Agintaritzak. Eragile guztiek UNE-EN-ISO 9001, OSHAS 18001, UNE-EN-ISO 14001 eta EMAS arauen ziurtagiriak dituzte (azken bertsioak).
Jasangarritasuna bermatzeko, beharrezkoa da hauek ezartzea: batetik, segurtasunaren eta laneko osasunaren prozesuak integratzen dituen zeharkako kudeaketa-eredu bat; eta, bestetik, langileen osasunari, segurtasunari eta ongizateari eta laneko giroari zuzenean edo zeharka eragiten dioten beste prozesu batzuk. Beraz, osasunaren sustapena hartu behar da aintzat, langileek osasun hobea eta bizi-kalitate hobea izateko eta enpresetan errendimendu eta produktibitate handiagoa lortzeko. Honen barruan, prebentzio-zerbitzuetako osasuneko profesionalek funtsezko zeregina dute osasunaren kudeaketa integralean, bai langileei bai enpresari on egingo dieten ekintza proaktiboen bultzatzaile eta lider natural baitira.
Kudeaketa Sistema hori osatzeko helburuarekin, Bilboko Portuko Agintaritzak Enpresa Osasuntsuaren ziurtagiria eskuratu zuen AENORen eskutik. Ziurtagiri horrek egiaztatzen du enpresak langileen osasuna, ongizatea eta segurtasuna eta lan-giroaren jasangarritasuna bultzatzen eta babesten dituela.
Horrenbestez, ziurtagiri hori eskuratzen duen lehenengo portu-agintaritza izango da Bilboko Portukoa. Gainera, Portuko Agintaritzak dagoeneko badu lantokian osasuna sustatzeko jardunbide egokiak dituela aintzatesten duen diploma bat, Laneko Segurtasun eta Higienearen Institutu Nazionalak (INSHT) emana, eta bi ziurtagiri horiek —AENORen ziurtagiria eta INSHTren diploma— dituen EAEko lehen enpresa eta estatuko laugarrena da.
Bezeroen eta erabiltzaileen eskaerak eta itxaropenak asetzea, lan-esparruan osasuna babesteko eskubidea aitortzea eta ingurumeneko inpaktuak kontrolatzea Enpresaren Gizarte Erantzukizuneko politiken ardatz nagusiak dira, eta alor horretan aitzindaria da Bilboko Portua.
Portu Osasuntsua. Lau lan-esparru
Ongizate fisiko, mental eta soziokulturala babestuko eta sustatuko duen lan-eremu bat sortzea proposatzen du Bilboko Portuko Agintaritzak. Horretarako jarri du martxan Portu Osasuntsua, lanean osasuna eta ongizatea sustatzeko proiektua. Askotariko jarduerak, kanpainak, programak eta estrategiak daude proiektuaren barruan, laneko inguru osasungarri bat lortzeko diseinatuak eta osasun-estrategia orokorretan oinarrituak edo erakundean aurkitutako gabeziak konpontzeko edo langileek berek eskatutako alderdiak hobetzeko diseinatuak.
OMEren definizioan oinarritutako lau lan-ibilbidetan jasota daude jarduera horiek guztiak: