Bilboko Portua Espainia eta Europa arteko komunikazio-bide bikaina da, malgua eta dinamikoa. Mota guztietako ontziak eta merkantziak hartzeko gai da, eta zerbitzu espezializatua ematen du zirkulazio-mota guztietarako. e-puertobilbao plataforma elektroniko modernoa, gainera, bide azkarrena eta arinena da merkantzien kudeaketa modu ordenatuan eta eraginkorrean egiteko.
Instalazioaren azalera, guztira, 400 hektareakoa da lurrean. Instalazio bereziak daude merkantzia bakoitzerako: merkantzia orokorrak, edukiontziak eta ontziratu gabekoak (bai solidoak, bai likidoak).
Bilboko Portuak duen itsas zerbitzuen eskaintza zabalak erraztu egiten du nazioarteko merkatuetara sartzea.
Zirkulazio guztien arintasuna areagotu egiten da Bilboko Portua Espainiako eta Europako errepide- eta trenbide-sare garrantzitsuekin lotzen dituen konexiogune intermodalei esker.
Alde batetik, zuzenean komunikatzen da ekonomikoki etengabe garatzen ari diren hinterland-ekin, eta, bestetik, Azuqueca de Henares, Coslada, Júndiz eta Burgosen Villafría-ko portu lehorrekin.
Portuak, gainera, kamioientzako aparkaleku zabala du, Aparcabisak kudeatuta, eta zenbait zerbitzu eskaintzen ditu. Halaber, 4.500 ibilgailuko edukiera duen automobilen terminala dago; hor gordetzen dira itsasontziz dagokien helburura bidaltzeko zain dauden ibilgailuak. Erabiltzaileen eskaerak betetzeko, portuan gordailu franko bat dago Santurtziko Victoria Erreginaren kaian. London Metal Exchange erakundeak onartutakoa da, eta 11 biltegi polibalente ditu makinaria osagarri modernoenarekin.
Bilboko Portuak gai galkorren terminala ere badu, Frigoríficos Portuarios del Norte delakoa. Guztiz automatizatua dago, eta paletak aurkitzeko sistema du.
Bidaiariak garraiatzeko, berriz, Bilboko Portuak ferry-zerbitzu bat eskaintzen du Portsmouth-era (Ingalaterra).
Halaber, azken urteetan Bilboko Portuan eskala egiten duten itsas bidaiak ugaritu direla kontuan hartuta, Espainiara itsasoz datorren turismoaren sarbidea izan nahi du Portuak.